KOMUNIKAZIOARAKO BALIABIDEAK TALDE LANA
EUSKARAREN HAUSPO BERRIA
Nerea Llamas
Marina Herrero
Jaione Baraibar
Saioa Mtz de Alegria
Izaskun Arrosagaray
Aurkibidea
- Sarrera……………………………………………….…….2.orrialdea
- Argudiatzea
- Euskararen egoera ……………….……………...…………..2-4
- Euskararen erabilgarritasuna gazteen ingurugiroan ……...4-8
- Euskararen erakargarritasuna ………………………......….8-9
- Nola egin aurre arazoari…………………………………….9-10
- Ondorioak…………………………………………………………….11
- Bibliografia………………………………………………………..11-12
1-SARRERA
“Berria” egunkariak hamaika artikuluz osatutako elkarrizketa sorta argitaratu du, “Euskararen hauspo berria” izenarekin. Bertan hainbat aditu elkarrizketatuak izan dira: Iñaki Martinez de Luna, Aines Dufau, Pello Jauregi, Olatz Altuna, Mikel Zalbide, Esti Amorrortu, Joxe Manuel Odriozola, Itziar Idiazabal, Jon Sarasua, Paula Kasares eta Kike Amonarriz.
Elkarrizketa hauetan euskararen egoerari buruz hitz egiten dute, baina aditu bakoitza eremu edo gai desberdinetaz aritzen da. Nahiz eta artikulu guztiak elkarrekiko erlazioa eduki, autore bakoitzak bere ikuspuntutik edo bizitakoagatik adierazten du euskararen inguruan mintzo da.
2.ARGUDIATZEA
2.1. EUSKARAREN EGOERA
Hasteko, euskararen egoera kontuan izanda, euskara hizkuntza minorizatu bat dela esan behar dugu, Joxe Manuel Odriozolak eta Itziar Idiazabalek dioten bezala, azken aldian Euskal Herrian euskaldun baino erdaldun gehiago daudelako. Baina zein da arazoa?
Arazoa ez da haurrek euskara ikasteko baliabiderik ez izatea (lehen baino baliabide gehiago daudela esan dezakegu) edo haur hauen gurasoek euskara ikastea nahi ez izatea, arazoa haur askok edo gehienek ikastoletan euskaraz ikasten duten arren gero, kalera ateratzean erdaraz aritzea da, bai euskaraz dakiten lagunekin, bai eta euskaraz dakiten guraso zein inguruko gazteekin. Honen ondorioz, euskara hezkuntza arloan soilik erabiltzen den hizkuntza bihurtzen ari da, eta haurrak hazten doazen heinean eta zein hizkuntzatan ikasi nahi duten aukeratzeko gaitasuna aurkezten zaienean, askok erdaraz ikastea erabakitzen dute, euskara haien bizitzetatik guztiz deuseztatuz. Beraz, helduak izatera iristen direnean, gutxi batzuek jarraitzen dute euskaraz hitz egiten, haurtzaroan ezartzen diren ohiturek etorkizuna bermatzen baitute.
Ideia honekin ere bat datoz Itziar Idiazabal eta Pello Jauregi, hizkuntza erabileraren ziklo naturala aktibatzea falta dela baitiote eta hori, irakasleen eta eskolen eskuetan dagoela defendatzen dute .
Era berean, Itziar Idiazabalek Euskal Herrian hizkuntza aniztasunaren kontzientzia dagoela defendatzen du, izan ere, Euskal Herriak paper indartsua betetzen dutela esaten du. Hizkuntza minoritarioez mintzo da eta hauek aurrera egiteko proposamenez baita politika ofizialen filosofia kritikatzen du, hots, finantzaketa, gure ustez, euskarak eta hau ikasteko aukera ematen duten erakundeek finantzaketa gehiago behar dute, publiko zein pribatuek. Gainera, Itziar Idiazabal, elebitasunaren alde azaltzen da kontuan hartuz bakoitza arlo ezberdin batean erabili dezakegula, ideia honetan, bat egiten du Esti Amorrurekin, biak elebitasunaren alde agertzen dira. Biak ados jartzen dira esaterakoan bi hizkuntza baino gehiago ikasi ditzakegula, kontuan hartuz hauek maila eta funtzio ezberdinetan erabili behar ditugula, horrela euskara bigarren plano batean utzi gabe. Gainera, Esti Amorrortuaren arabera, euskaldunak diren pertsonak euskara baztertu beharrean laguntza eskaini behar diote euskara gutxi dakien beste pertsona horri. Horrela, euskara ez genuke baztertuko eta besteak dakien gutxi hori erabiltzeko aukera izango luke. Itziar Idiazabalen iritzia bat dator Esti Amorrortuaren iritziarekin, berak dio euskaldunok etengabe moldatzen ari garela eta ahalegin hori euskararen kontra bihurtzen bada, oztopoa eta atzerapausoa eragin ahal dezakeela euskaran.
Testuei erreparatuz, ikusi dezakegu gehienetan, euskararen egoera hainbat lurralde desberdinetan aipatzen dela. Hala nola, Iparraldeko euskararen egoeraz mintzatzen da. Azken honetan %40koa izan da hezkuntza euskaraz egiten duena. Datu hauek kezkagarriak dira, izan ere, ehuneko honetatik soilik %20 heltzen da batxilergoa euskaraz egitera. Honen gakoa zera da; alde batetik gurasoek prest daude haien seme-alabek beste hizkuntza bat ikasteko, izan ere baliagarria izan daitekela uste baitute. Beste aldetik, haientzat traba edo oztopo izan daitekeela diote, haurrek laguntza eskatu edo beharrez gero, ezingo dituztelako lagundu.
Honen harira, Paula Casaresek uste du hezkuntza sistema euskera berreskuratzeko alor garrantzitsuena dela, ia ezinbestekoa. Baina guk uste dugu honekin ez dela aski, askoz eraginkorragoa izango litzatekeelako eskolan ikasten den guztia gero aisialdian edo familian praktikan jarriko balitz. Eskolan ematen den euskalduntze lan edo prozesu hori eskolatik kanpo praktikatzen edo erabiltzen ez bada, egindako esfortzu guztiak ez du ezertarako balioko. Gainera, politika arloan euskara ez da gai garatuenetariko bat izan, egia esan bazterturik dagoen gaia baita. Euskararen Legea oso murritza da eta horrek euskararen garapena kaltetzen du . Beraz, hezkuntzan euskara ikasteko ematen den aukera ongi probestu behar dela uste dugu eta baita legearen birformulazioak egin beharko liratekeela ere.
Hala ere, euskararen egoera denontzat kezkagarria izan arren, esan beharra dago euskalgintzak arazoak dituela batez ere Nafarroan eta Iparralden, ondoko mapan ikus daiteken bezala.
Nafarroaren kasua zehazki aztertuz, arazo nagusia politikari dagokiola ikusten dugu, UPN eta PSN-k euskararen garapena saihesten dutelako eta ezkerreko zenbait taldeek ez dutelako ezer egiten euskararen garapena bultzatzeko. Horri gehitu behar diogu hamar urte frustragarri egon direla Miguel Sanzek euskararen aurkako gurutzada abiatu zuelako euskalgintza biltzearen ondorioz. Nafarroan bazterketa horretarako ingelesa bultzatu izan dute politikariek, ingelesa hainbeste non ingelesa ikastea lehentasun bat bihurtu den, euskara bigarren mailako hizkuntza bezala utziz. Egoera horrentzako irtenbide bat aurkitu beharko litzatekeela uste dugu eta guk proposatzen duguna erakunde publikoek, politika alderdiek, e.a. laguntzea eta batez ere, gutxieneko adostasuna izatea, bertzenaz ezinezkoa delako euskararen egoera hobetzea. Honen aurrean, Jon Sarasuak euskararen ziklo berri bat emateko ardatz batzuk aipatzen ditu, hala nola, hezkuntzako ahaleginak, hedabideak, helduen euskalduntzeak...
Honi aurre egiteko, Kike Amonarrizek defendatzen du lehenbizi gizartean euskararen aldekotasuna zabaldu behar dela, gero aldekotasun hau politikara pasatzeko, baina gure iritziz bi gertaera hauek ez dira elkarren jarraian doazen prozesu baten pausoak, baizik eta batera eman beharko liratekeen gertaerak.
2.2 EUSKARAREN ERABILGARRITASUNA GAZTEEN INGURUGIROAN
Eskolari dagokienez, Jauregi jaunak, bermatzen du badirela haur batzuk euskara hitz egiteko gai direnak eta eskolaldi osoa hizkuntza honetan hitz egiten pasa dezaketela, hala ere, hobeto maneiatzen dira erdararekin, erraztasunaren kontuarengatik. Honen arrazoia sinpleki azal daiteke, ikasle gehienek, lagunekin, etxean… erdaraz hitz egiten dute eta aipatutako faktore horiek eskolak baino indar handiagoa dute, non euskararen eragina motz geratzen den. Beraz, eskolak nolabaiteko eragina izango du, bai, baina bestelako faktoreak urrun dauden heinean. Honekin batera, Mikel Zalbideren iritzia da haurrek ez dutela euskara maila egokia lortzen, erdipurdiko maila izaten dutelarik. Beraz ondorio batera heldu gaitezke, eskolak eragina dauka, baina ez kanpoko faktoreek bezainbeste. Horrez gain, eskoletan euskaraz hitz egitera behartzen dituzte ikasleak, eta horrek espero denaren kontrako ondorioak izan ditzake, euskara ikasleentzat “eginbehar” bat bihurtzen delako. Honen eta ikasle askorentzat erdaraz hitz egitea erosoagoa izanik,eskolatik kanpo, nolabaiteko askatasuna daukatenean, erdaraz hitz egiten dute.
Horrekin batera aipa dezakegu Jon Sarasuak euskararen erabilera ur botila batekin konparatzen duela gerri zabaleko botila bat dela dioelako. Bertan azaltzen du azkenaldian botila nahiko bete egin dela, baina oraindik gehiago bete behar dela dio zuloak dituelako. Horrekin gauzak azkarregi egitean erdizka geratzen direla adierazi nahi du, eta hori dela bereziki euskararekin gertatzen ari dena .
Zalbidek dioen moduan, haurrek inguruan ikusten dutena kopiatzen dute eta kontuan hartuz guraso askok ez dakitela euskaraz mintzatzen, haurrek bide bera hartzen dute erdaraz hitz eginez, gainera bestelako faktore batzuk daude, hala nola telebista (programa, marrazki bizidun... gehienak erdaraz ematen dituzte). Beraz, Jon Sarasuak dioen bezala, euskera geroz eta hedatuagoa dago,baina arazoa belaunaldi berriek euskara ilusio gutxiagorekin erabiltzean dago.
Hori dela eta, Pello Jauregiren iritziarekin bat egiten dugu, izan ere eskolek ez dute haurrek euskara gehiago hitz egiteko ardura eta egia da, eskola euskara hitz egiteko eremu indartsu bezala ikusten dela, baina irakasleek euskara inposatzen badiete ikasleei, azken hauek gutxiago hitz egingo dute, eskolarekin lotuta dagoen hizkuntzatzat hartuko dutelako. Baina, beste faktore batzuk baitira erdaraz hitz egitera bultzatzen dituztenak. Beraz aztertu dezagun kanpoko faktore indartsuenetariko bat; etxea. Lehenik eta behin esan beharra dugu ume guztiek ez dutela etxean euskara egiteko erraztasuna, haien gurasoek erdaldunak baldin badira. Horrek eramaten die haien anai-arrebekin (baldin badituzte) erdaraz hitz egitera, nahiz eta bai anai-arrebek, bai haiek euskaraz mintzatzen jakin. Erraztasunarengatik egiten dute, gurasoekin erdaraz hitz egitera ohiturik baitaude , eta ez dute berez hizkuntzaz aldatuko haien anai-arrebei zuzentzeko momentuan.
Paula Casares ere euskararen erabilerarekin kezkatuta dago , eskolatik kanpo toki oso gutxi daukalako. Hizkuntza bat irauteko atxikimendua ezinbestekoa dela erraten du eta Nafarroaren kasuan, euskararekiko atxikimendua dagoela deritzo, baina borondate politikoren falta dagoela dio. Euskararekin atxikimendua ez dutenek eta urruti ikusten ditugunak, hurbildu behar ditugu. Horrekin batera, erran dezakegu euskaldunen eta erdaldunen munduak ez daudela hain bereiztutak, soilik toki soziolinguistikoraren arabera aldatzen direla.
Hori dela eta, etxean, euskararen erabilera handiagoa eragin daiteke “zeharkako” modu batean, izan ere, etxe bakoitzean norberak dauka edozein hizkuntza hitz egiteko eskubidea, eremu “intimoa” eta “askea” baita. Olatz Altunak egindako alderaketari erreparatuz, badakigu 1991. urtetik etxean egiten den euskararen ehunekoa dezente jaitsi dela, 1991.an %63koa baitzen eta hogeita bost urte geroago berriz %40koa. Honen arrazoiak anitzak dira, baina nagusiena etxe mistoak izatearen arrazoia da, lehen esan dugun moduan bakoitzak bere etxean egiten den hizkuntzara moldatzen da, baina bakarrik hizkuntza hori menperatzen badu. Adibide bat jar dezagun; senarra euskalduna bada eta emaztea berriz erdalduna, etxe horretan seguruenik erderaz egingo dela, emazteak ez baitu euskara ikasteko intentziorik eta senarra moldatuko da bere bikotearen hizkuntzara, haien artean komunikazioa gauzatzeko.
Interesgarria da Jauregik hitz egiten duen elementuari buruz, etxean bertan euskararen erabilera handitzeko behar den elementua borondatea. Euskaraz mintzatzen dakiten gurasoak, beraien seme-alabei euskaraz zuzendu behar zaie, ahalik eta gehien, modu honetan, jada haurrak ohituko dira, hain intimoa de eremu horretan euskaraz hitz egiten eta ez dute zailtasun handirik izango beste eremuetan ere euskaraz mintzatzeko. Gainera, bide honetatik, eskolak erabilera horretaz probetxu aterako du, haurren euskararen maila handituz eta areagotuz. Hau da, eskola nolabaiteko bultzada izango da. Baina euskara ez dakiten pertsonek berriz, bestelako borondatea izan beharko dute, euskara hitz egiteko borondatea. Modu honetan, euskaraz hitz egiten ikasten badute haien seme alabekin aipatutako hizkuntzarekin komunikatuko dira.
Gaur egun, euskara ikasteko erakunde eta eremu asko daude; klase partikularrak, euskaltegiak, barnetegiak… beraz gurasoek ez dute zailtasun handirik izango euskara ikasi nahi izanez gero. Egia da, Esti Amorrortuak dioen bezala gurasoei metodo zorrotza iruditzen zaiela euskaltegien eta bestelakoen gauza, agian zaila egiten zaielako hizkuntza berri bat ikastea, edota irakasle baten aurrean egotea… hau da, ez dute inolako erakargarritasunik euskara ikasteko . Baina, etorkizun batean edo orainaldian haien seme alabek euskaraz ikastea nolabaiteko motibazio- faktorea da, modu horretan, norbanakoaren seme- alabek zalantzak izatean haiei zuzenduko baitira eta gainera, etxean bertan hizkuntza hau ikasi ahalko dute.
Aldi berean, arrisku egoera da aipatutako hau, guraso askok ez dutelako nahi haien seme alabak D ereduan sartzea, zailtasunak izanez gero ezingo baitituzte lagundu. Seme-alabek euskaraz ikastean arazoak badituzte, ez dituzte euskarazko ikasgaian izango soilik, euskara ulertzeko eta hizkuntza honetan gauzak adierazteko zailtasunak badituzte, beste ikasgaietan ere arazoak izango dituztelako.
Hala ere, bestelako aukerak daude, hala nola euskara eta erdara tartekatzen dituzten eskolak, gurasoei gehiegizkoa iruditzen bazaie euskarazko hezkuntza osoa. Modu honetan, gurasoek seme-alabak erdarara matrikulatu ahal dituzte euskarazko ikasgaiarekin eta horrela beraien seme-alabek euskara pixka bat ikasi ahal izango dute. Hala ere, esan beharra dago, eredu honetan ikasleek lortzen duten euskara maila oso baxua dela eta nahiz eta ikastetxe desberdinen eta ikasleen artean aldeak egon, lortutako mailarekin elkarrizketa bat mantentzeko zailtasunak izan ohi dituztela.
Aldi berean, gurasoek buruan duten beste ideietako bat, hizkuntzen erabilgarritasuna da, izan ere, Euskara ez da mundu guztian ezagutzen den hizkuntza noski, baina hori ez da hau baztertu beharraren arrazoi bat. Esti Amorrortuak esaten duenari erreferentzia eginez, egia da, euskara ez dela ingelesa bezala, ingelesa askoz ere garatuagoa dago eta gaur egun gero eta ikasle gehienak ikasten dute ingelera eta erdera tartekatzen diren eskoletan (alemaniarra ere gero eta garatuago dago)eta ezin dugu esan ingelesa eta bestelako hizkuntzek ez dutela erabilgarritasun handirik eta hori dela gurasoek bilatzen dutena haien seme-alaben etorkizunerako. Baina inork ez du euskara hitz egiten duen norbait isolatu behar, berak hizkuntza hori ez ulertzearen arrazoi soilarengatik. Euskaldunek haien hizkuntza zabaldu behar dute, zabaldu nahi dute, eta hau ez da emango etengabe oztopoekin aurkitzen badira.
Beraz, komentatu dugun moduan, borondate kontua da, “euskararen giroa” sortu behar da etxe barruan, eta giro hori mantendu, erdararen giroarekin nahastu ez dadin. Gurasoek haien seme-alabak edota haurrak presente daudenean, euskaraz hitz egiten dute, umeetan eragina izateko, hala ere Olatz Altunak dioenarekin bat, haurrek euskaraz hitz egin arren, nerabezaroan, haien ohiturak erdalduntzen dira (gehienetan). Euskararen erabilera kate modukoa da, haurtzaroan gehiena ikasten da eta gurasoek euskara hitz egiteko aukera badute euskaraz hitz egingo dute, ondoren nerabezaroan, hizkuntza honetatik urruntzen dira eta zertxobait berreskuratzen da bikotea izatean (haien artean euskaraz komunikatuz gero) bai eta seme-alabak izatean; txikitatik euskaraz hitz egiten bazaie, ohitura hori hartuko dutelako. Kate honetako arazorik larriena, nerabezaroan ematen den hizkuntza-haustura da, Jauregik dioen moduan; haien giroa erdaldun bihurtuz gero, haien seme-alaba erdaraz jasoko dute haien ama-hizkuntza. Berebiziko garrantzia dauka euskararen erabilera sustatzea, baina modu natural batean, hala ere, hori ematea bakoitzaren eskuetan dago, ez gara moldatu behar besteak dituzten ohituretara, gure ohiturak ere errespetatu behar ditugu, eta ohiturak ez badira, gure nahiak. Bertan sartzen da Jauregik jaunak aipatutako “harreman asimetrikoa”, adibide batekin azalduko duguna, oso interesgarria iruditu baitzaigu; Zuk euskaraz mintzatzen bazara euskara hitz egiten dakien norbaitekin eta horrek erdaraz erantzuten badizu, elkarrizketa arraroa izan arren, euskara zure ahoan mantendu beharko duzu. Eutsi egiten bada, guk pentsatzen dugun baino eragin handiagoa izango du bestelako pertsonetan. Hala ere, ezinbestekoa da asimetriaren onarpena eta onarpena hau emateko gaitasuna. Baina Hezkuntzarekin bueltatuz, umeek eskolan hitz egin dezakete lasai asko euskaraz, baina etxean berriz, guraso gehienek prestaketa falta daukate asimetria hori haien ingurugiroan gauzatu ahal izateko.
Beraz, argi geratzen da zer behar den euskara sustatzeko, erabiltzeko eta mantentzeko; borondatea eta garrantzitsuena; beste hizkuntza bat ikasteko gogoak eta hauek errespetatzearen konpromezua.
2.3. EUSKARAREN ERAKARGARRITASUNA
Euskara ez galtzeko ezinbestekoa iruditzen zaigu erdaldunak erakartzea, euskara ikasten has daitezen, haiengan euskararekiko interesa pizteko edo beraien seme-alabak D ereduan eskolatu ditzaten. Hau posible izateko Jose Manuel Odriozolaren iritziz lehenik eta behin mundu abertzaleko erdaldunak erakarri behar dira, hauek erakartzea ezinezkoa bazaigu, ezinezkoa izango zaigulako gainerako erdaldunak erakartzea eta gure ustez, euskarak hauen laguntza eta sostengua behar du aurrera egin ahal izateko.
Historian zehar, hemendik kanpo euskaldunekiko jarrera eta aurreiritzi desberdinak izan dira. Esti Amorrorturen arabera, erdaldunen euskararen aurkako jarrera azkenaldian pixka bat arindu da, alde batetik asko euskararen balio instrumentalaz ohartu direlako eta bestetik, ez delako politikoki zuzena euskararen aurka joatea. Egia da duela 50 bat urtetik hona erdaldunek euskararekiko zuten ikuspegia hobetu dela, baina oraindik ez guztiz. Horrez gain, badaude erdaldunak euskaratik urrun daudenak eta euskarari buruz gutxi ezagutzen dutenak. Hauek ez dute euskararen historiaz, kulturaz eta bere egoerari buruz asko ezagutzen, eta Jon Sarasuak dioen moduan abertzaletasunarekiko eta euskararekiko atxikimendua bat ez datozela argi utzi behar da, euskararekiko atxikimendua abertzaletasuna baino interes gehiago baititu. Horren ondorioz, adibidez Madrilen, Nafarroan euskara hitz egiten delaz harritzen dira. Ezjakintasun hori informazio faltaren ondorioa da eta Paula Casaresek dioen moduan, Euskararen Legearen errua da oso murritza delako eta ondorioz euskararen garapena kaltetu egiten delako. Horrekin lotuta, nahiz eta eskoletan eta komunikabideetan euskarari buruz hitz egiten den, ez da nahikoa eta norberak ez badu gai horren inguruan interes berezirik, ez du gaiari buruz asko jakingo.
Espainiako beste autonomietan euskarari buruz hain gutxi jakitea harrigarria egiten zaigun arren, guztiz ulergarria da, guk ezta ez dakigulako asko besteei buruz; adibidez galiziarrei buruz.
Hala ere, esan beharra dago azken aldian “Ocho apellidos vascos” eta “Allí abajo” bezalako film eta telesailen bidez euskaldunak ezagunagoak egin direla Espainian zehar eta “pertsonaia xelebreak” bezala ikusiak garela. Hau alde batetik abantaila bat da, hizkuntza eta kultura minorizatua izan arren kanpoan ezaguna izatea lortzen delako, baina desabantailak ere baditu, azkenean euskaldunen topikoak direlako gehien zabaltzen direnak , eta honen ondorioz kanpoan pertsonaia sinpatiko bezala ikusten gaituzte eta euskaldun guztiak telesail edo film horietako pertsonaiak bezalakoak garela uste dute, hemengo aniztasuna ikusi gabe.
2.4. NOLA EGIN AURRE ARAZOARI
Mikel Zalbideren eta Paula Casaresen iritziz, euskarak aurrera egin du hezkuntzan, baina erabilera aldiz, murriztu egin da. Euskaraz dakiten irakasleak 1976ean %5era iristen ez ziren bitartean, gaur egun %85ak hitz egiten du eta kopuru hau igotzen doa, baina zoritxarrez ikasleen euskara mailak ez du igoera hori izan eta 16 urterekin gutxik baitakite euskara gaztelera bezain ongi, belaunaldiz belaunaldiko transmisioa eten baita eta adin batetik aurrera gazteek kalean erdaraz hitz egiten dute. Adibide bat Nafarroa izango litzateke, bertan gaur egun haurrak eta gazteak direlako euskaldunenak,baina erabilera tasa baxuena dutenak baitira aldi berean. Honen aurrean, bai Esti Amorrortuk, bai Joxe Manuel Odriozolak euskarak zenbait aurrera pauso egin beharko dituela diote. Euskarak dituen arazoak konpondu nahi badira, erronka askori egin beharko diegu aurre, baina lortutakoa gutxi izan arren, oso garrantzitsua izango da aurrekoek dioten bezala.
Alde batetik, normala da gazteek kalean erdaraz hitz egitea erdaraz euskaraz baino hobeto eta errazago hitz egiten badute, baina ez badute euskara erabiltzen ez dute euskara praktikatuko eta beraz, ez dute beraien euskara maila hobetuko.
Modu honetan irteerarik ez duen gurpil-zoro batean sartzen dira, euskara erdipurdi dakitenek ez baitute euskara hitz egiten ongi ez dakitelako, eta ez dute euskara ongi ikasten erabiltzen ez dutelako. Baina nola atera gurpil-zoro horretatik?
Horrez gain, beste arazo bat dago, ez baita gauza bera euskara batuan edo euskalkiren batean hitz egitea. Askotan, euskalkirik ez dugunok euskaraz hitz egiteko lotsa gara, euskara batuak euskalkien aurrean “artifiziala “ eta “formalegia” dirudielako eta horregatik gutxiago hitz egiten dugu disimulatzeko ,edo euskaraz ez dakigula esaten dugu, tragu txar hori ekiditeko .
Bestalde, Mikel Zalbidek euskara hitz egiten diren lekuak eta pertsonak, hau da, arnasguneak, babestu behar direla defendatzen du. Hala ere, gure ustez kontua ez da hauek isolatzea, helburua euskara zabaltzea baldin bada ezin ditugulako euskaraz hitz egiten dutenak bereiztu. Honi buruz Kike Amonarrizekin ados gaude, ez dugulako ghettorik sortu behar, naiz eta leku hauetan euskara hitz egin dadin esparru hauek indartu eta babestu, honela kontzientzia sorraraziz gero euskara hiri handietan zabal dadin.
Hala ere, oso zaila ikusten dugu hiriak euskalduntzea, bertan Espainiako beste autonomietako edo beste herrialde batzuetako jendea bizi delako eta hauek ez dutelako euskara ikasteko beharrik. Euskararen kasu katalanarekin konparatuz gero, argi dago zailagoa dela katalana jakin gabe Kataluinian bizitzea Euskal Herrian euskara jakin gabe bizitzea baino. Adibidez Kataluniako unibertsitate batean ikasi nahi baduzu, ez dago erdaraz osorik ematen diren graduen eskaintzarik. Honen ondorioz, Kataluinian ikasi nahi baduzu, katalana jakitea edo behintzat ulertzea ezinbestekoa da. Euskal Herrian aldiz, ez dago arazorik unibertsitateetan erdarazko klaseak jasotzeko eta horren ondorioz erdaldunek ez dute euskara ikasteko beharrik. Horregatik uste dugu hirietan euskalduntzea zaila dela eta zerbait egin behar dugula, ezin baikara arnasguneetatik euskara kutsatzearen esperoan egon besoak gurutzaturik.
3. ONDORIOAK
Amaitzeko, aditu hauen iritziak eta gure iritzi propioak plazaratu ondoren, ondorioztatu dugu euskararen egoera honi aurre egiteko ez dagoela mirarizko konponbiderik, baizik eta elkarte desberdinen, euskaldunen eta euskaldunak ez direnen arteko elkarlana.
Esan bezala ez dago mirarizko konponbiderik, euskara bultzatzeko egitasmo desberdinak aurrera eman behar dira, hala nola euskal kultura teknologia berrien bidez zabaltzea. Gure ustez, gazteak erakartzeko, gazteak berez erakartzen dituen eremuetan euskara integratu behar da; adibidez gazteentzat bideratutako euskarazko telesailak eta programak sortuz, euskal musika bultzatuz… Horrez gain, denok geure harri-koskorra ekar diezaiokegu euskarari,euskara dakitenekin euskaraz hitz eginez. Baina badakigunez norbaitekin erdaraz hitz egiten ohiturik bazaude ohitura hori aldatzea zaila dela, guk proposatzen dugu euskaldun ezagutu berriekin euskaraz hitz egiten ohitzea, azken batean euskararen erabilera ohitura edo ohitura ezaren kontua baita. Modu horretan, gero eta jende gehiagorekin hitz egingo duzu euskaraz, baina kontuz,ez da derrigorrezkotzat hartu behar, jada “derrigorrezko” hitzak hau baztertzera eramaten gaituelako. Euskara erabiltzea borondate kontua da, gure jatorrietan dagoen hizkuntza hori mantentzeko nahia . Ez dugu metodo jakin bat jendeak euskara gehiago erabiltzeko, baina proposatzen ditugun artean eta berez dauden bestelako ideiekin batera, norbanakoak ikusiko du zein den bere ingurugirora eta bere aukeretara moldatzen den metodo hoberena, helburu nagusia euskara bultzatzea dela kontuan hartuz, bai eta honekin batera datozten kontzeptu guztiak (euskara ezagutzea, euskararen erabilgarritasuna...) Modu honetan, gero eta jende gehiagorekin hitz egingo dugu euskaraz eta neurri hau denok hartuko bagenu aurrerapauso handia izango litzateke.
4. BIBLIOGRAFIA
Martinez de Luna, I. (2014-7-29) Euskararen hauspo berria. Berria egunkaria
Dufau, A. (2014-7-30) Euskararen hauspo berria. Berria egunkaria
Jauregi, P. (2014-7-31) Euskararen hauspo berria. Berria egunkaria
Altuna, O. (2014-8-1) Euskararen hauspo berria. Berria egunkaria
Zalbide, M. (2014-8-2,6) Euskararen hauspo berria. Berria egunkaria
Amorrortu, E. (2014-8-3) Euskararen hauspo berria. Berria egunkaria
Odriozola, J.M. (2014-8-5) Euskararen hauspo berria. Berria egunkaria
Idiazabal, I. (2014-8-6) Euskararen hauspo berria. Berria egunkaria
Sarasua, J. (2014-8-7, 8) Euskararen hauspo berria. Berria egunkaria
Kasares, P. (2014-8-8) Euskararen hauspo berria. Berria egunkaria
Amonarriz, K. (2014-8-9, 10) Euskararen hauspo berria. Berria egunkaria
Euskal Kultur Erakundea (2005-09-23) Euskara zulo beltzera doa Iparraldean. Hemendik hartuta:
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina